Zientzia jostailu bihurtu zenean

Ekainaren 27tik irailaren 1arte

“ZIENTZIA JOSTAILU BIHURTU ZENEAN. Jostailu Zientifikoaren Historia” erakusketa, Quiroga-Monte kolekzioko piezek osatzen dute. 125 urte inguru hartzen du erakusketak eta, besteak beste, autoak, trenak, hegazkinak, panpinak, proiektoreak eta beste hainbat material ludiko aurkituko ditugu bertan, gure, gure gurasoen edo gure aiton-amonen haurtzarora bidaiatzeko aukera emango digutenak. Piezak 5 ataletan azaltzen dira, horien artean, “Garraiobideak denboran zehar”, “Jolastuko al gara zientzialarietara?” edo “Zientzia emakumeen eskutik”. Azken honetan, ondo karakterizatutako zenbait panpinek, emakume zientzialari garrantzitsuenetako batzuk ezagutzeko aukera emango digute. Donostiari buruzko aipamen zuzenak ere ez dira faltako, izan ere, hiri horrekin eta Gipuzkoarekin lotutako jostailu batzuk ikusi ahal izango ditugu.