Gizaki batzuei janari pikantea gustatzen zaie, beste batzuei ez. Batzuetan, espezia pikanteak gehitzen dizkiegu egiten ditugun jakiei, baina beste batzuetan, berriz, fruitu pikante osoak jaten ditugu, piper minak esaterako.

Beste edozein ugaztunek, ezjakintasunagatik edota akatsen batengatik, fruitu pikante bat jaten badu, murtxikatzen hasi eta berehala ahotik botako du eta ez du sekula gehiago landare horretatik datorren ezer jango. Pikantea, beraz, ugaztun belarjaleek jan ez ditzaten landareek garatutako babes-mekanismo bat da.

Hegaztiek aldiz, fruitu pikanteak jan ditzakete inolako arazorik gabe, eta hala egin dezakete ez dituztelako fruituak mastekatzen, oso osorik irensten dituzte. Hala, pikantea eragiten duten molekulak fruitu eta hazien barruan mantentzen dira, atera gabe, eta min edo erre sentsaziorik eragin gabe.