Pertseida izar uxoak badatoz!

29 Uztailak 2021, 11:22 am
Publicado en Blog

Uztailaren 23tik abuztuaren 22ra bitartean (maximoa, abuztuaren 11n eta 12an)

Berriro ere, urteko izar uxo ezagunenak, Pertseidak, udako zeruan agertuko dira.

Aurten Pertseiden ikuskizuna interesgarria izango da, ilargia gaueko 12:00ak aldera ezkutatuko baita hilaren 12an; beraz, ordu horretatik aurrera, meteororik ahulenak ere ikusi ahal izango ditugu euri-izar hauen gau handian.

Izar iheskorren jatorria Eguzkiaren inguruko ibilbideetan kometek utzitako hauts-partikula txikiak dira (meteoroideak), Lurraren orbitako eremuetan kokatuak. Urteko garai batzuetan, Lurrak horietako hodei bat zeharkatzen du, eta meteoroideak abiadura handian jotzen dute Lurraren atmosferaren kontra, Lurraren gainazaletik 100 km-ra. Partikula horiek desintegratu eta distira egiten dute, eta argi-lorratza uzten dute zeruan.

Pertseidak izar uxoak nahiko distiratsuak eta motelak dira, eta, gainera, ugariak. Horregatik, gaueko ikuskizun polita eskaintzen digute.


Noiz ikusi

Pertseidak uztailaren amaieratik abuztuaren erdialdera arte ikus daitezke, baina abuztuaren 11n eta 12an izango dute jarduera handiena. Ordu onenak gauerditik aurrera izaten dira, eta kopuru handiena goizeko 2:00ak aldera izaten da. Ordu horretan, Pertseo konstelazioa, izar iheskor guztien itxurazko jatorria, zeruan altu egongo da. Horri esker, gehiago ikus daitezke goizaldeko orduetan.


Nola ikusi

Haietaz hobeto gozatzeko, egokiena hirietako argitik urrundu eta ahalik eta leku ilunena bilatzea da. Ez dugu tresna optikorik beharko behatzeko; begi hutsez ikusiko dugu ibilbide osoa zeruan. Itxuraz, Pertseo konstelazioan dute jatorria, baina izar uxoak zeruko eremu osoan ikusiko dira.

Komeni da arropa beroa eramatea, eta oso gomendagarria da ere etzaulkia edukitzea erosoago ikusteko (horrek lo gelditzeko arriskua dakar).

Irudian, abuztuaren 12ko zerua ikus dezakegu, goizeko 3etan. Ekialderantz, Pertseo konstelazioa ikusten dugu, eta badirudi handik datozela izar iheskor guztiak.

Gainera, fenomeno astronomiko liluragarri honi buruz zerbait gehiago ikasi eta ulertu nahi baduzu, zatoz Eureka! Zientzia Museora: ekitaldi honi buruzko guztia azalduko dizugu.


Saio komentatuak planetarioan

Egunak: abuztuaren 9tik 13ra

Ordua: 11:45ean euskaraz, 12:45ean gaztelaniaz

Edukia: Pertseida izar uxoen azalpena, kometak eta gauez ikusten diren konstelazioak eta planetak