Kometa bat ikusgai!

14 Uztailak 2020, 9:16 am
Published in Idatzita

Egun hauetan zehar, zeruan kometa bat ikusteko aukera dugu. Ez da kometa ikusgarria, baina une aproposa da gure lehen kometa begi bistaz ikusi ahal izateko. C/2020 F3 (NEOWISE) kometa da.

Martxoaren 27an, ezustekabean, NEOWISE espazio-teleskopioak (Near Earth Object Wide-field Infrared Survey Explorer). aurkitu zuen kometa.

NEOWISEk Eguzkira uztailaren 3an izen zuen bere hurbilketarik handiena, Eguzkitik 43 milioi km-koa. Distantzia hau Merkurioren eta Eguzkiaren arteko batez besteko distantzia baino zertxobait txikiagoa da. Uztailaren 23an, Lurrera gehien hurbilduko da (103 milioi km).

NEOWISE kometak 1996an (Hyakutake) eta 1997an (Hale-Bopp) zeruan ikusi ziren kometa handiak gogorarazten dizkigu, baina, zoritxarrez, ez du haien distira-maila lortuko. Hala ere, merezi du gauren bat eskaintzea.

Argazki hauek, Iñaki Lizasok astroargazkilariak orain dela egun gutxi egin ditu, kometa egunsentian ikusten zenean. Bere lana jarraitu nahi izanez gero,  www.astrosurf.com helbidean egin dezakezue.

C2020F3 Cometa Iaki Lizaso 3p

 C2020F3 Cometa Iaki Lizaso 2p

Argazkiak: @Iñaki Lizaso

Noiz eta non ikusi
Kometa uztailaren hasieran hasi zen ikusten egunsentiko zeruan. Goiz jeiki behar zen hura ikusteko (goizeko 4:30ean), eta Eguzkitik hurbil zegoenez, zaila zen behatzea.

Uztailaren erdialdetik aurrera
Pixkanaka distira galtzen hasi arren, uztailaren 15etik aurrera kometa iluntzeko zeruan ikusi ahal izango da, eta horizontearen gainetik altuera hartuko du berehala. Horregatik, errazagoa izango da zeru ilunetan ikustea, gaueko 11ak aldera. Modurik hoberena izango da leku ilun bat bilatzea, hirietako argietatik urrun eta zerumuga bistan duela.

Kometa ipar-mendebaldean aurkituko dugu, Hartz Nagusiaren konstelazioaren behealdean kokatuko da eta uztaileko bigarren hamabostaldian zehar ikusi ahal izango dugu.

Hurrengo irudian, NEOWISE kometa zeruan non kokatuko den eta zer ordutan behatuko den azaltzen da, uztaileko hurrengo egunetan.

Ez ahaztu, bilatu zeru ilunak eta eraman prismatikoak!