Askotan galdetu izan didate fruta helduak fruta berdeak edo heldugabeak baino gehiago gizentzen ote gaituen, eta askotan erantzun dut “EZ” (nahiz eta gai hauetan horren erantzun ziur edo sendoak ematea ez dudan gustuko…).
Joan gaitezen urratsez urrats. Banana heldugabe batek edo banana heldu batek kaloria kopuru bera dute. Esan ohi dudan bezala, biak “itxita” daude, inork ez ditu irekitzen eta kaloria gehiago sartu edo kentzen.

Heldu gabeko frutak almidoi moduan gordetzen du bere energia, eta almidoi hau azukre moduan askatzen da fruta heldu ahala, hidrolisiaren ondorioz. Prozesu horren ondorioz, almidoia azukre sinpleetan apurtzen da, hala nola sakarosa, fruktosa edo glukosa. Almidoiak ez bezala, azukre sinple horiek zapore gozoa ematen diote frutari, nahiz eta haien kaloria-ekarpena hasieran bezalakoxea izan.
Fruta helduak zapore gozoagoa izan arren, ez du kaloria gehiago, besterik gabe, beste modu batera gordeta dauzka. Energia hori modu desberdinean biltegiratuta egoteak, aldatu egiten ditu frutaren ezaugarri organoleptikoak, hots, zaporea, testura eta usaina.

 Azukreen ahalmen gozagarria:
 Fruktosa > sakarosa > glukosa > galaktosa > laktosa

Gainera, azukre sinple horiek erraz digeritzen eta azkar xurgatzen dira, eta esan daiteke prest daudela gure zelulen metabolismoak erabili ditzan.
Hasierako galderara itzulita, esan dut ez zaidala asko gustatzen horrelako galderei irmoki erantzutea, eta, galderaren erantzuna “ez” izan arren, ñabardura batzuk egingo ditut eta galderari buelta bat emango diot.

Galdera “heldutako frutak heldugabeak baino kaloria gehiagoa al ditu?” balitz, erantzuna “ez” izango litzateke. Hala ere, galdera hau balitz: “fruta helduak gehiago gizentzen al gaitu?”, “teknikoki ez, baina ikus dezagun” erantzungo nuke.

Jakin dugunez, fruta helduak prest ditu azukreak gure zelulek energia-iturri gisa erabil ditzaten. Aldiz, almidoi askoko fruta heldugabeak irensten baditugu, gure gorputzak hidrolizatu egin beharko du almidoi hori, hautsi eta bertan dagoen energia ateratzeko. Almidoiaren degradazio hori gertatu ahal izateko, beste edozein prozesu metaboliko bezala, gure gorputzak lana egin behar du, eta horrek esan nahi du hori egiteko energia pixka bat gastatu behar duela. Teknikoki, almidoi kopuru handia duen fruta bat jatea energetikoki garestiagoa da guretzako, gure gorputzean gordeta ditugun kaloriak erabili behar baititugu almidoiaren kaloriak atera eta aprobetxatzeko. Beraz, frutaren azukreak asimilatzeko prozesu osoa kontuan hartuz gero, esan dezakegu, teknikoki fruta heldua jaten dugunean kaloria gehiago metatzen ditugula gure gorputzean.

Baina, kontuz! Ez dezagun esan fruta helduak gizendu arazten gaituenik, ezta gutxiago ere! Jaten dugun edozein elikagai kaloria-iturri da, baina frutaren kasuan (eta beste barazki guztien kasuan) kaloria horiekin batera, beste mantenugai asko ere irensten ditugu, hala nola bitaminak eta mineralak, gure gorputzarentzat