ekainak 10eko eguzki-eklipsea

2 Ekainak 2021, 11:38 am
Publicado en Idatzita
anularEclipse eus

Eklipse-anularra Artikon ikusiko da



Datorren ostegunean, ekainak 10ean, eguzki-eklipse bat izango da. Eklipsea anularra izango da Artikotik eta Ipar Europako herrialdeetatik partziala izango da. Horrek Ilargiak Eguzkiaren zati bat besterik ez duela estaliko esan nahi du. Euskaditik ere partzial moduan ikusiko da, baina bere azalaren %0,12tik %0,20ra-ko zatia besterik ez da izkutatuko, berez eklipsea ez da oso ikusgarria izango.

 

 

2021 06 10 sunSequence Donostia San Sebastian2 eus

Donostiatik eta inguruetatik ikusiko den eklipse partziala.

 

Euskal herrian eklipsea 11:03an hasiko da gutxi gora behera eta 12:45ean bukatuko da. Eklipsearen maximoa  11:52an gertatuko da. Momentu horretan eguzkiaren azalaren %0,16a estalita egongo da.

 

betaurrekoak

KONTUZ! Eklipsea ikusteko asmoa baduzu, zure begiak egoki babestu behar dituzu.

 

Eureka! Zientzia Museoan SunSpotter teleskopioarekin proiekzioren bidez erakutsiko dizugu segurtasuzn osoz. Ordutegia: 11-tik 12:30tara.

 

Eclipses solares eusNOLA GERTATZEN DIRA EGUZKI-EKLIPSEAK

Ilargia, Lurraren eta Eguzkiaren artean jartzen denean gertatzen da eguzki-eklipsea. Batzuetan, Ilargiak erabat eta zehazki estaliko du eguzki-diskoa, orduan eguzki-    eklipse osoa (A) gertatuko da. Beste une batzuetan, Ilargia pixka bat urrunago dago, eta haren diskoak ez du erabat estaltzen eguzki-diskoa. Kasu horretan, eraztun- itxurako eguzki-eklipsea (B) gertatzen da. Ilargiak eguzki-diskoaren zati bat estaltzen duenean, eguzki-eklipse partziala da (C).

Ekainak 10eko eklipsea anularra izango da, baina zonalde txiki batetik soilik (Artikotik) ikusiko da horrela, beste zonalde handiago batetik partziala ikusiko da.

Gizaki batzuei janari pikantea gustatzen zaie, beste batzuei ez. Batzuetan, espezia pikanteak gehitzen dizkiegu egiten ditugun jakiei, baina beste batzuetan, berriz, fruitu pikante osoak jaten ditugu, piper minak esaterako.

Beste edozein ugaztunek, ezjakintasunagatik edota akatsen batengatik, fruitu pikante bat jaten badu, murtxikatzen hasi eta berehala ahotik botako du eta ez du sekula gehiago landare horretatik datorren ezer jango. Pikantea, beraz, ugaztun belarjaleek jan ez ditzaten landareek garatutako babes-mekanismo bat da.

Hegaztiek aldiz, fruitu pikanteak jan ditzakete inolako arazorik gabe, eta hala egin dezakete ez dituztelako fruituak mastekatzen, oso osorik irensten dituzte. Hala, pikantea eragiten duten molekulak fruitu eta hazien barruan mantentzen dira, atera gabe, eta min edo erre sentsaziorik eragin gabe.

Kometa bat ikusgai!

14 Uztailak 2020, 9:16 am
Publicado en Idatzita

Egun hauetan zehar, zeruan kometa bat ikusteko aukera dugu. Ez da kometa ikusgarria, baina une aproposa da gure lehen kometa begi bistaz ikusi ahal izateko. C/2020 F3 (NEOWISE) kometa da.

Martxoaren 27an, ezustekabean, NEOWISE espazio-teleskopioak (Near Earth Object Wide-field Infrared Survey Explorer). aurkitu zuen kometa.

NEOWISEk Eguzkira uztailaren 3an izen zuen bere hurbilketarik handiena, Eguzkitik 43 milioi km-koa. Distantzia hau Merkurioren eta Eguzkiaren arteko batez besteko distantzia baino zertxobait txikiagoa da. Uztailaren 23an, Lurrera gehien hurbilduko da (103 milioi km).

NEOWISE kometak 1996an (Hyakutake) eta 1997an (Hale-Bopp) zeruan ikusi ziren kometa handiak gogorarazten dizkigu, baina, zoritxarrez, ez du haien distira-maila lortuko. Hala ere, merezi du gauren bat eskaintzea.

Argazki hauek, Iñaki Lizasok astroargazkilariak orain dela egun gutxi egin ditu, kometa egunsentian ikusten zenean. Bere lana jarraitu nahi izanez gero,  www.astrosurf.com helbidean egin dezakezue.

C2020F3 Cometa Iaki Lizaso 3p

 C2020F3 Cometa Iaki Lizaso 2p

Argazkiak: @Iñaki Lizaso

Noiz eta non ikusi
Kometa uztailaren hasieran hasi zen ikusten egunsentiko zeruan. Goiz jeiki behar zen hura ikusteko (goizeko 4:30ean), eta Eguzkitik hurbil zegoenez, zaila zen behatzea.

Uztailaren erdialdetik aurrera
Pixkanaka distira galtzen hasi arren, uztailaren 15etik aurrera kometa iluntzeko zeruan ikusi ahal izango da, eta horizontearen gainetik altuera hartuko du berehala. Horregatik, errazagoa izango da zeru ilunetan ikustea, gaueko 11ak aldera. Modurik hoberena izango da leku ilun bat bilatzea, hirietako argietatik urrun eta zerumuga bistan duela.

Kometa ipar-mendebaldean aurkituko dugu, Hartz Nagusiaren konstelazioaren behealdean kokatuko da eta uztaileko bigarren hamabostaldian zehar ikusi ahal izango dugu.

Hurrengo irudian, NEOWISE kometa zeruan non kokatuko den eta zer ordutan behatuko den azaltzen da, uztaileko hurrengo egunetan.

Ez ahaztu, bilatu zeru ilunak eta eraman prismatikoak!

 

Youtuberen algoritmoa eta sare neuronalak

20 Apirilak 2020, 2:10 pm
Publicado en Idatzita

Youtube ezagutzen dutenek eta maiz erabili dutenek, ikusi edo esperimentatu ahal izango zuten noizbait, nola, erabili ahala, web gunea gure gustuak sumatzen hasten den.  Bideo formatuan, benetan erakartzen gaituzten gaiak erakusteko gaitasuna eskuratzen du, bere plataforman ahalik eta denbora gehien egon gaitezen helburuarekin, noski.

Honenbestez, ezagunen baten Youtubeko kontua ikusiko bagenu, honi Youtubek gomendatutako bideoak eta gureak guztiz desberdinak direla ikusiko genuke. Baina nola iritsi da Youtube gure burua horren ondo ezagutzera?

Youtube ulertzeko modu zuzen bat, galderaz beteriko algoritmo bat imajinatzea da. Algoritmo bat zer den ez dakitenentzat, algoritmo bat, funtsean, problema bat ebazteko jarraibide edo arau zehatz batzuk dituen tresna bat da. Pentsa dezagun unetxo batez Youtubeko algoritmoa garela. Gure erabiltzaileen gustuak ezagutzeko, galdera sorta bat egin genezake: zein bideo-kanal dator bat erabiltzailearen adinarekin? zein kanalek partekatzen du erabiltzailearen kokapen geografikoa? zenbateko  iraupena izan behar du bideoak? kirola edo zientzia?

Erabiltzaileak ikusten dituen bideoak aztertuz eta galdera sorta honi erantzunez, Youtubeko algoritmoak, denborak aurrera egin ahala, erabiltzailea gero eta hobeto ezagutzea lortuko du, benetan honek ikusi nahi duena gomendatzea lortuz. Galdera sorta hau Youtubeko bideoak sortzen zituen jendearen graio-santua izan da luzaroan, azken finean, Youtubeko algoritmoa ezagututa, batek bideo perfektua sor bailezakeen.

Harrigarrena da gaur egun Youtubek ez duela algoritmo bat erabiltzen; galdera horiek, arau hauek, ez dira existitzen, Youtubeko algoritmoa aspaldi deskonektatu zuten eta askoz ahaltsuagoa eta interesgarriagoa den zerbaitegatik ordezkatua izan zen, neurona-sareak (ikaskuntza automatikoak).

Red neuronal

Neurona-sare bat zirkuitu elektriko moduko bat da, gure neuronen funtzionamendua nolabait imitatzen duen programa informatiko baten barruan dagoena. Algoritmo arruntek ez bezala, neurona-sare batek ez du algoritmo edo jarraibiderik behar problema bat ebazteko, bere kabuz ikasteko gai da. Hala, problemak ebazten ditu modu erabakitzailean, algoritmo bat aurrez programatu beharrik gabe. Eta nola lortzen du Youtubek gure gustuen berri izatea neurona-sare horiekin? Zientzian ohikoa den bezela, analogia bat erabiltzea da zerbait konplexua ulertzeko modurik errazena.

Demagun sare neuronal bat nahi dugula Interneten dabiltzan milaka irudietan katuak automatikoki identifikatzeko. Hasieran, neurona-sareak ez du ezer jakingo, eta entrenatu egin beharko da. Adibidez, txakur bat eta katu bat agertzen diren irudi bat erakutsi ahal izango diogu  eta katua zein den, inolako jarraibiderik eta deskribapenik eman gabe. Ondoren, irudi konplexuago bat jarriko diogu, esaterako, lehoinabarra eta katu batena. Katua zein den esango diogo berriro ere. Neurona-sare hori adibide gehiagorekin eta gehiagorekin entrenatzen jarraitzen badugu, une batetik aurrera neurona-sarea gai izango da, bere kabuz, erakutsiko diogun edozein Interneteko irudietan katuren bat dagoen identifikatzen.

Adibide hori sinplea eta zentzugabea iruditu arren, etorkizunean neurona-sareek izan dezaketen garrantzia erakusten digu. Demagun sare neuronal bat entrenatzen dugula, katuen irudien ordez zelula kantzerigenoak identifika ditzan. Edo planetak izan ditzaketen izarren-seinaleak aztertzeko entrenatzen dugula. Edo eredu klimatologikoak aurresateko. Edo... gure gustuak zeintzuk diren ezagutzeko, Youtuberen antzera. 

Big Dataren aroan, sortzen ditugun datu guztiak aztertzeko behar den denborarik ez dugun garaian, sare neuronalak teknologia iraultzaile bilakatu dira, eta etorkizunean gero eta gehiago hitz egingo da euren inguruan.