AIREAK PISATZEN DU

22 Martxoak 2021, 3:24 pm
Published in Idatzita
Read 134 times

Aireak pisatzen du, eta asko gainera! 

Inguratzen gaituen aireak egiten duen indarra da presio atmosferikoa eragiten duena, eta honela definitzen da presio atmosferikoa, hain zuzen ere: aireak lurrazalari eragiten dion indarra, azalera unitateko.

Airearen presio atmosferikoa atmosfera batekoa da, itsas mailan. Zer esan nahi du horrek?

Imajinatzeko zaila denez, gauza bat egingo dugu: lurrean metro karratu bat markatuko dugu eta orduan ulertuko dugu bere gainean dagoen aire guztiak atmosfera bateko presioko indarra eragiten duela, edo, bere gainean 10,333 tona aire daudela ere esan dezakegu, hauek baitira baliokidetasunak:

1 atm = 101.325 Pa = 1013.25 mb = 760 mmHg = 760 Torr = 1,03 kg/cm2 = ¡¡10,333 t/m2!!!

presioa neurtzeko unitate desberdinak erabili daitezke, milibarra (mb) da erabiliena.

Atmósfera = atm         Pascal = Pa         Milibar = mb         Milimetro merkurio = mmHg               Tona metro karratuko = t/m2

Gure buruen gainean bi tona aire inguru baditugu, hau da, atmosfera bat, zergatik  ez dugu haren presiorik nabaritzen? Gure gorputza neurri bereko presioa ari delako egiten kanpo aldera, eta, beraz, bi presioak indargabetu egiten direlako. Bat-batean Lurra inguratzen duen aire guztia desagertuko balitz, presio atmosferikoa ere desagertu egingo litzateke, eta ezerk ez luke indargabetuko gure barruko presioa; ondorioz, lehertu egingo ginateke, kanporantz.

Pentsa ezazue plastikozko ur botila batean. Barruko ura amaitzean botila urez hustuta gelditzen da, baina airez beteta. Botila barruko aireak kanporantz eragiten duen presioa eta kanpoko aireak barnerantz eragiten duena berdinak dira. Kanpoan aire gehiago egonagatik, honek ez du botila zanpatzen. Adibide honen bidez ikusten dugu airearen presioa dela benetan garrantzia duena, ez aire kopurua.

Aipatuko dugu mendizaleek askotan nabaritu duten fenomeno bat. Plastikozko botila bat mendira eramaten dugunean nabarituko dugu mendi puntara iristian botila puztu dela, barruko aireak presioa handiagoa egiten du botilan kanpokoak baino. Kontrako kasuan, hau da mendi puntatik jeistean, botila uzkurtuta ikusiko dugu, behean presio atmosferikoa handitu delako eta boteilaren barruko aireak presio txikiagoa du (botila ixtean mendiaren puntan zegoena).

NOLA ALDATZEN DA PRESIO ATMOSFERIKOA?

Presio atmosferikoa txikitu egiten da altitudea handitu ahala, gainean dagoen aire-kantitatea ere txikitu egiten baita. Kalkulatua dago presioa 100 mb txikitzen dela igotako kilometro bakoitzeko.

Presio atmosferikoa tenperaturaren arabera ere aldatzen da. Atmosferako gune bat asko berotuz gero, haren tenperatura igo egiten da, eta airearen dentsitatea, txikitu, eta, ondorioz, baita presio atmosferikoa ere. Era berean, gune jakin batean airea hoztuz gero, gune horretako presio atmosferikoa handitu egiten da.

Presioaren aldaketek garrantzi handia dute eguraldi-iragarpenak egiteko. Horregatik, behatoki meteorologikoetan, egunean hainbatetan neurtzen da presioa. Datu horiekin, isobara-mapak egiten dira. Isobarak mapetako lerroak dira, lurrazalean presio atmosferiko bera duten puntuak lotzen dituztenak. Horrela, isobarak elkarrengandik oso hurbil badaude, presio aldaketak oso bortitzak izango dira (aldaketa handiak espazio txikian) baina isobara hauek elkarrengandik urrun agertzen badira, presio desberdintasunak ez dira hain nabariak izango.

eguraldiaren mapa

Lurazalaren gaineko presio atmosferikoaren desberdintasunek airea sortzen dute. Goi-presioko guneetatik (A, Antizikloia) behe-presioko guneetara (B, Behe-depresioak)  lekualdatzen da airea.

Ikusi nahi baduzu nola aldatzen den presio atmosferikoak, hurrengo esperimentua egitea proposatzen dizuegu.

BAROMETROA

Materiala: kristalezko edalontzi bat, puxika bat, lastotxo bat, guraizeak eta zeloa.

Prozedura: Gure barometroa egiteko, globo bat erditik moztu eta alde biribildua beirazko edalontzi batean jarriko dugu, hermetikoki itxita gera dadin. Globoak edalontzitik ihes egingo ez duela ziurtatzeko, zelo apur bat jarriko diogu inguru osoan. Jarraian, freskagarrietarako lasto puska bat jarriko dugu globoaren gainean, horizontalki. Lastoaren 2/3ek globoaren gainean egon behar dute, erditik neurtzen hasita: presioaren adierazlea izango da. Edalontziaren atzeko aldean paper zuri zati bat itsatsiko dugu, lastoa haren parean gera dadin. Egin arrasto bat paperean, lastoak adierazten duen tokian. Hori izango da gure presio atmosferikoa. Noizean behin, begiratu lastoa mugitu den, presio atmosferikoa handitu edo txikitu den jakiteko.

barometroa Azalpena: Baina, nola dabil gure barometroa? Edalontziaren barruan harrapatutako airearen presioa egonkorra da, globoa apurtzen ez bada. Presioa kanpoan barruan baino handiagoa baldin bada, globoaren mintza hondoratu egingo da eta lastoa gora begira jarriko da (eskuarekin puxika zanpatuta egin dezakegu froga, gure eskua airearen presioa balitz bezala). Kanpoko presioa txikiagoa baldin bada, globoaren mintza konkortu egingo da eta, beraz, lastoa behera begira jarriko da (puxikatik kanporantz tira eginez ikusi dezakegu, presioaren beherakada errepresentatu nahian). Egia al da presioa handiagoa denean eguraldi ona dugula eta presioa bajuxeagoa denean eguraldi txarra?