NOLA FUNTZIONATZEN DU HOZKAILU BATEK?

12 Otsailak 2021, 12:22 pm
Published in Idatzita
Read 15 times

Gaur egun arruntzat jotzen dugun tresna honek, hozkailuak, aspaldi aldatu zuen gure bizimodua, eragin handia izanez, besteak beste, hiri handien garapenean. Gizartearen aurrerapenen isladapen garbia da beraz hozkailua, eta bere garapenean zientziak garrantzia ikaragarria izan du. Gasen fisika, likido hoztaileen kimika eta baita ingeniaritza aurreratuenak ere beharrezkoak izan baitira besteak beste bere sorkuntzan. Albert Einsteinek berak ere bizitzaren zati handi bat igaro zuen tresna honen inguruan ikertzen, azken finean, hozkailuak elikagaiak denbora luzez kontserbatzen laguntzen digu, gure bizia erraztuz.

Frigo EUK 2

Hozketak materia organikoaren metabolismoa atzeratzen du, ia erabat geldiaraziz -18 °C-tara iristean. Baina nola funtzionatzen du hozkailu batek? Saia gaitezen urrats sinple batzuetan azaltzen:

  • Hozgarri izeneko likido bat, oso tenperatura eta presio baxuetan dagoena, barne-hodi batzuen bidez kontaktuan jartzen da gure elikagaiak gordeta dauden hozkailuaren eremuarekin. Elikagai hauek askatzen duten beroa likido hozgarri honek xurgatuko du. Likido hoztailea gas-egoerara pasako da bero-transferentzia honen ondorioz.
  • Gas hau hozkailuaren hozte-barrunbetik atera eta konpresore batera eramango da ondoren. Konpresorean, gasa konprimitu egiten da, haren presioa balio handi samarretara igoaraziz: konpresorearen sarreran 0,6 bar izatetik 8 bar izatera irteeran. Prozesu honetan bero handia sortzen da.
  • Gas hoztaileak, orain presio eta tenperatura altuetan dagoena, kondentsadore bat zeharkatuko du, bertan hoztu eta egoera likidora itzuliaz. Kondentsadorearen amaieran likido hoztailea berreskuratua izango dugu, baina oraindik presio altuan.
  • Hurrengo urratsa likido hau kapilar batetik pasatzea izango da, bere fluxua eta, ondorioz, presioa murrizteko. Presioa jaitsiz, nabarmen jaitsiko da bere tenperatura ere.
  • Prest dugu likido hozgarria hozkailuaren barne eremuan berriro sartzeko.

BA AL ZENEKIEN HOZKAILUEK ZERGATIK DITUZTEN ATE MAGNETIKOAK? Txikienak barruan harrapatuta gera ez daitezen. Ez, ez da txantxa!

BADAKIZU NONDIK DATORREN HOZKAILUEK ATERATZEN DUTEN ZARATA? Bai, , konpresorea funtzionarazten duen motorretik!

BADAKIZU ZERGATIK KOSTATZEN DEN HAINBESTE HOZKAILUKO ATEA IREKITZEA? Hau konplexuagoa da, baina ez zaila! Hozkailua irekitzean, kanpoko airearen zati bat bere barruan sartzen da. Aire hau, hozten denean, konprimitu egiten da, eta hutsunea sortzen da hozkailuaren barruan. Kanpoaldearekin sortu den presio-diferentziak eragiten du guk indar hori sentitzea.