BIZI-AZTARNAK ARTIZARRAREN ATMOSFERAN?

15 Irailak 2020, 12:38 pm
Published in Idatzita
Read 187 times

Marteri lehiakide serioa atera zaio Lurretik kanpo bizia bilatzeko ahaleginetan. Artizarra. Europako (ESA) eta Amerikako (NASA) espazio-agentziek zuzendutako ikerketa baten ondoren, gure bizilagun hurbilena albiste bilakatu da, bere goi-atmosferan fosfano molekulak aurkitu baitira. Han bizia dagoela adieraz lezakeen biomarkatzailea.

Duela ehunka milioi urte, Artizarra Lurraren oso antzekoa izan zitekeela pentsatu ohi da. Biek antzeko tamaina eta dentsitatea dute, eta grabitate-erakarpena ia berdina da bi gainazaletan. Gainera, posible da garai batean ozeaonak egon izana Artizarraren azalean. Esan daiteke, Eguzki-sisteman ez dagoela gurearen antzeko ezaugarriak izan ditzakeen beste planetarik. Baina zerbait dramatikoa gertatu zen Artizarraren historian zehar, eta haren baldintzak nabarmen aldatu ziren Lurrean ezagutzen ditugunetik. Teleskopio baten bidez Artizarraren azala begiratzen saiatzen bagara, haren azala erabat estaltzen duen hodeizko mantu lodi bat besterik ez dugu ikusiko. 60ko eta 80ko hamarkadak arte itxaron behar izan genuen hodei hauen azpian zer zegoen jakiteko. Artizarraren gainazala 465 °C -tan dago, 90 bar-eko presio atmosferikoa du azalean; hori ozeanoan kilometro bateko sakoneran murgiltzearen antzekoa da, eta haren hodeiak azido sulfurikoz osatuta daude nagusiki. Nekez imajina daiteke ingurune kaltegarriago bat bizitzaren eboluziorako.

Baina planeta zoragarri hau ahaztuta utzi aurretik giza zolitasuna gai izan da Artizarraren atmosferan itxaropen-zirrikitu bat aurkitzeko. Artizarraren azaletik igogailu batera igo eta bere atmosfera zeharkatuko bagenu espaziora iritsi arte, oso ezaguna egingo litzaigukeen gune bat zeharkatuko genuke. Artizarraren gainazaletik 55 km-ra atmosferaren tenperatura 30 °C inguruan egonkortzen da, eta presio atmosferikoa 0,5 bar ingurura jaisten da, Kilimanjaro mendiaren gailurrean izango genukeen presio atmosferikoaren antzekoa. Oxigeno-botila batekin, astronauta bat bertatik paseatzeko gai izango litzateke astronauta-jantzirik eraman beharrik gabe. Eskualde honetan aurkitu dira fosfano molekulen aztarnak.

Fosfanoa edo fosforo-trihidruroa (PH3), biomarkatzaile bat da, ura, karbono dioxidoa, oxigenoa edo ozonoaren antzera, Lurretik kanpo bizia bilatzeko aztarna gisa erabiltzen dena. Aurkikuntza honen bitxitasuna, eta alarma guztiak piztearen arrazoia, Artizarraren atmosferan aurkitu diren fosfano kopuruak sortzeko mekanismo abiotikorik ez dagoela da. Lurrean, adibidez, ez dago fosfanoa sortzeko gai den mekanismo geologikorik, eta bere presentzia atmosferan, mikroorganismoen ekoizpenarekin edo gizakiaren ekintzekin dago erlazionatua. Bestalde, fosfanoa Artizarraren azaleko prozesu geologiko ezezagun batean gertatu izan balitz, atmosferaren gaitasun erreduzitzailearen ondorioz, denbora laburrean desegingo zen. Hori dela eta, lan honen egileek Artizarraren atmosferan aurkitutako fosfano-kantitate handiak sorkuntza-prozesu jarraitu batekin lotu dituzte, eta, haren ezaugarriak direla eta, oso ondo egokitzen dira bertako bizitzaren presentziarekin.  

Nolanahi ere, kontuz ibili behar da. Artizarraren atmosferako fosfano-kontzentrazioaren estimazioa ez da konposizio osoaren mila milloiko 20 zati ingurukoa baino ez. Kantitate ia iragankorrez ari gara hitz egiten, Lurraren azalean kokatuak dauden teleskopio bidez identifikatuak. Neurketen konplexutasunek akats sistematikoak sortu ditzaketela agerian izan behar da, seinale faltsuek sortuz, eta, horregatik, emaitza hauek balidatu egin beharko dira datozen urteetan ikerketa sakonagoen bidez. Nork daki, agian, Artizarraren goi-atmosferara zunda berriak nabigatzera bidaltzeko ekimenak bultzatuko ditu ikerketa honek, bertan benetan bizia dagoen ala ez aztertzeko helburuarekin.