Proxima Centauri: Eguzki Sistemako bizilagunak

15 Ekainak 2020, 6:49 am
Published in Idatzita
Read 69 times

Duela egun gutxi, Proxima Centauri izarraren inguruan eguzki-sistema bat dagoela baieztatu da, Eguzkitik hurbilen dagoena, hain zuzen ere.

Lehenago baldin bazekiten ere, orain dela egun gutxi konfirmatu dute, Proxima Centauri b planetak, Proxima Centauri izarraren inguruan orbitatzen duela. Orain dela egun gutxi ere, izarrak beste planeta bat duela baieztatu dute. Planeta honen izena Proxima Centauri c da.

Nolakoa da Proxima Centauriko eguzki-sistema?

Proxima Centauri Lurretik 4,2 argi-urtera dagoen izarra da. (Gogora dezagun argi-urte bat argiak urtebetean egiten duen distantzia dela, eta izarren arteko distantziak adierazteko erabiltzen den unitatea dela). Sistema hirukoitz batekoa da Proxima Centauri izarra. Alfa Centauri A eta Alfa Centauri B-k osatzen duten sistemaren inguruan bira egiten du. Nano gorri motako izarra da, Eguzkia baino txikiagoa eta hotzagoa. Izar horiek hidrogenoa motelago erretzen dute, eta horregatik bizitza askoz luzeagoa dute, zenbait bilioi urte inguru.

tamao proxima b starv2        Proxima CentauriIrudia:NASA

Izar hotzak direnez, haien argitasuna ere txikia da, eta horregatik ez dira begi hutsez ikusten. Hala ere, izar horiek galaxiako ugarienetakoak dira.

Proxima Centauri b

Proxima Centauri b planeta, Lurraren antzeko tamaina duen planeta da. Haren masa Lurraren masa halako 1,27 da. Soilik, 11,2 egun behar ditu izarraren inguruko orbita osatzeko, eta 7,2 milioi kilometroko distantziara dago. Merkurio gure Eguzkitik baino 8 aldiz hurbilago dago.

EarthandProxima b 

Proxima Centauri c

Bigarren planeta hau Super Lurra motakoa dela dirudi. Lurraren masa halako 7 duela dirudi, eta Lurretik Eguzkirako distantzia halako 1,5 izango litzateke. 1.907 egun behar ditu Proxima Centauriren inguruan bira bat egiteko.

Bigarren exoplaneta honen existentziaren konfirmazioa bitxia izan da, izan ere, aurkikuntza egin duen taldeak, Texasko Unibertsitateko McDonald Observatoryko ikertzaile batzuek, duela 25 urte Hubble espazio-teleskopioak bildutako datuak erabili ditute horretarako.

Gertutasunagatik, oso interesgarria da Proxima Centauriren sistema ondo ezagutzea. Bi planetatik Proxima Centauri b  bizitzarako baldintza egokiak izateko hautagai hobea da; izan ere, izarraren eremu bizigarrian orbitatzen du; gainera, Lurrarenaren antzeko masa du, eta oraindik baieztatu gabe dagoen arren, antzeko tenperaturak izan ditzake.

 

Hardvard Unibertsitatean irakaslea den Avi Loeb zientzialaria eta bere taldea Breakthrough Starshot izeneko proiektua gauzatzen ari dira. Proiektu horren bidez, gramo bateko pisua duen ontzi bat diseinatu nahi dute, Proxima Centaurirantz laser boteretsu baten bidez bultzatzeko. Zientzia-fikzioa dirudi, baina nork daki urte batzuk barru gertatu ahal izango den?

Dagoeneko 4.164 exoplaneta aurkitu dira, eta 5.000 exoplaneta gehiago daude baieztatu gabe. Beste planeta batzuetan bizi-aztarnaren bat aurkitzeko aukerak handituz doaz. Laster aurkituko al dugu horietako batean bizi-arrastorik? Badirudi oraindik itxaron egin beharko dugula.