Egunsentiaren eta ilunabarraren koloreak

2 Ekainak 2020, 7:34 am
Published in Idatzita
Read 120 times

EGUNSENTIAREN ETA ILUNABARRAREN KOLOREAK

Zenbat aldiz begiratzen diogu zeruari egunsentian edo ilunabarrean, hain bereziak diren une horietaz disfrutatzeko! Gozamen handiz behatzen ditugu zeruan horizontearen gainean agertzen diren koloreak.
Ikus dezagun zer fenomeno ikusten ditugun eta zergatik gertatzen diren.

Egunsentiak eta ilunabarrak hodeiekin batera oso politak izaten dira, baina ondoren komentatuko ditugun argi-fenomeno hauek ondo ikusi ahal izateko, hobe da zerua erabat garbi egotea.

Hemendik aurrera batipat ilunabarrari buruz arituko gara, baina azaltzen dugun gauza bera egunsentiaren aurreko uneetan ere aplika daiteke.

Krepuskulua

Mundu osoko liburu, film edo telesailetan erabili izan den hitz iradokitzailea da krepuskulua. Baina zer esan nahi du zehazki? Krepuskuluak “Eguzkia zeruertzaren azpian egonda, oraindik zerua argituta dagoen denbora da”. Eta Eguzkiaren altueraren arabera, hiru krepuskulu mota daude:

- Krepuskulu zibila: Eguzkia zeruertzetik 0° eta 6° bitarteko altueran dago. Denbora-tarte horretan argiak ez du aire zabalean irakurtzeko aukerarik ematen.
- Krepuskulu nautikoa: -6° eta -12° bitartean. Objektuen itzal zehaztugabeak baino ezin dira bereizi.
- Krepuskulu astronomikoa: -12º eta -18º artean. Hortik aurrera hasten da “gau itxia”.

Denbora-tarte horretan, fenomeno hauek ikus ditzakegu:

Arku krepuskularra

Arku krepuskularra laranja-koloreko arku bat da. Zeruan horizontetik gertu azaltzen da, Eguzkia sartzen den zonaldean. Eguzkitik 90°-ra zabal daiteke, eta horizontetik urrundu ahala, intentsitatea galtzen du. Atmosferak sakabanatutako eguzki-argiak eragiten du. Eguzkia, gure ikuspuntutik ezkutatu den arren, oraindik zeruaren zati bat argiztatzen du gure gainetik.

Lehenengo uneetan, arku krepuskularraren kolorea laranja da, eta pixkanaka intentsitate handiagoa izango du; ondoren, kolore gorrixka hartuko du. Kolore hori ikusten da, atmosferako geruza lodiak izpi urdinak sakabanatzen dituelako, ia guztiz desagertzen diren arte.

Arku krepuskularra

Argi purpura
Eguzkia horizontearen azpitik -4° eta -6° artean dagoenean (sartu eta 20 minutura gutxi gora behera), argi morea ager daiteke zeruan, Eguzkitik 45º-ra, eta zeru ikusgarriak sor ditzake.
Argi hori zenbait hilabetetan ager daiteke, eta gero, agian, ez da urteetan behatzen. Sumendien erupzioek eragin ditzakete, adibidez, baina jatorria ez da guztiz ondo ulertzen. Eguzkiaren izpiak hauts atmosferikoaren bidez 20-25 km-ko altueran barreiatzearen ondorioa dela uste da.

Arku krepuskularra eta argi purpura, Eguzkia dagoen horizontearen aldean ikusten dira (egunsentian ekialderantz eta ilunabarrean mendebalderantz), baina zeruaren kontrako aldean ere fenomeno interesgarriak gertatzen dira:

Lurraren itzala
Bazenekien gure planetaren itzala zeruan ikus daitekeela edozein egunetan?
Lurraren itzala Eguzkiaren irteeraren/sorreraren kontrako horizontearen gaineko banda itsas-urdin edo grisaxka gisa ikusten da.
Eguzkia ezkutatu baino lehen ikus dezakegu, Lurraren atmosferan proiektatuta. Itzala 180º luzatzen da horizontean.

Venusen gerrikoa edo krepuskuluaren kontrako arkua

Mito greko baten arabera, edertasunaren jainkosari (Venus) gerriko bat egozten zaio, daraman pertsonari grazia emateko eta maitasuna lortzeko bertutea duena. Venus-ek bakarrik eraman dezake xarmen gerrikoa.

Izen berezi honekin, Lurraren itzalaren gainean ikus daitekeen laranja eta arrosaren arteko kolore-bandari deitzen diogu.

Atmosferaren behealdeak eguzki-izpiak atzera sakabanatzen dituztelako gertatzen da fenomeno hau. Ispilu moduan lan egiten du atmosferak kasu honetan eta izpiak berriro iturrirantz, hau da, Eguzkirantz, sakabanatzen ditu. Eguzkiaren itzala, Eguzkia horizontetik -6ºtan dagoenean desagertzen da, hau da, Eguzkia sartu eta 25 minutura gutxi gora behera.

Lurraren itzala eus lurraren itzala Sevillan

Lurraren itzala eta Venusen gerrikoa Donostian eta Sevillan.